2016(e)ko azaroaren 2(a), asteazkena

Bide onetik goaz, baina...

A ze aste mugituak eduki ditugun atzera begiratzen badugu. Aste mugituak bai, baina oso garrantzitsuak gure Kluba eta pasioaren etorkizunarendako.

Alde batetik, bazkideen asanbladan gertatutakoa eta bestetik Sadar Bizirik-en barruan hartutako erabakiak. Gure aldetik irakurketa propioa plazaratzea gustatuko litzaiguke, izan ere apunte interesgarriak uzten baitizkigu.

Kokapen moduan eta zaletuek hobeto uler dezaten bizpairu puntutan banatuko ditugu:


1. Ikusi den bezala esparru guztiak garrantzitsuak dira, harmaila, kalea…Eta alor instituzionala. Bileretan orduak baino zerbait gehiago, uzten dituzten lagun eta kide hoiek, ikusi egin baitute ariketa praktiko batekin hemen ere fruituak jaso egiten ditugula. Ederki jaso ere…

2. Esparru desberdinetan eragitea da gure nahia, horrek ekartzen dituen esfortzuak kontutan hartzen ditugularik. Bazkideen presentzia, figura beraren indartze horrek, bilatzen dugun OSASUNAren oinarriak jartzeko ezinbestekoa da. Dauden asanbladak landu aurre-lanketaz, irakurketa konpartituaz, eztabaidatuz…
Agian askok, J. Tebas "Non grata" izendatzearen kontuari garrantzia kenduko diote (saiakerak hor daude, eta bagenekien etorriko zirela noski…) Guk ireki berri diren ate hoiei erreparatzen diegu gehiago, gaiaren titularrari baino. Hartara, posible dela demostratu dugu, aukerak daude beste futbol-eredu bati heltzeko, irabazteko.

3. Herritar-zaletuen batasuna indartuz eta hauen baterajotzea lortuz, mugituko ditugu futbol-modernuaren zutabeak. Indar metaketan sakonduz, hor da gakoa. Ekimen sendoak eta erabakigarriak. Horren adibide garbia San Mamesera ez joateko deia. Zeinaren ondorioz soilik 303 zaletu agertu ziren, 1. mailako euskal derbi bat ikustera pasaden denboraldian, Athletic-B aurkari izanda eta 2. mailan, 3.000 gorritxo baino gehiago izan giñenean.

Hortaz…
IG-tik jarraituko dugu irekitako bidetik, hemendik aurrera egiten diren ekimen edo mobilizazioak garrantzitsuak izango dira denok dugun etsai amankomuna gailendu nahi baldin badugu.
Hortaz, bakoitzak erabakitzen duen pausua  edo jarrera kontutan hartzen ditugu. Gurekin egon nahi EZ duenak, berak jakingo du zergatik, baina alde batera egin dezala, oztoporik ipini gabe, zaletuek irmotasunez batasunetik abiatuta erabaki duten bidea ibiltzean. Dagoeneko hasi gara, etortzen den oro ongietorria izango da, ez bada horrela, ez gaitzala zangotrabatu.